Sormeneko instalazioetan Bailara elkarteko ordezkariekin lan-bilera bat egin zen. Saioan enpresentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat ekimen, proiektu eta lankidetza aukerari buruz hitz egin zen.
Bilera honetan Bailararen jarduera komertziala indartzeko beharra azpimarratu zen. Horretarako, elkarteko enpresek beste enpresa batzuk identifikatu eta kontaktatzeko proposamena egin zen, elkartearen sarea handitzen eta lankidetza berriak sortzen laguntzeko.
Halaber, Adimen Artifizialaren inguruko interesa aztertu zen, enpresek teknologia honek eskaintzen dituen aukerak hobeto ezagutzeko helburuarekin. Horretarako formakuntza saio bat antolatzea eta enpresa batean aplikazio praktikoak zuzenean ezagutzeko aukera baloratzea planteatu zen.
Bestalde, enpresentzat eskuragarri dauden dirulaguntzei buruzko informazioa partekatu zen, eta laguntza lerro desberdinak aztertzeko saio bat antolatzea proposatu zen, enpresek dauden aukerak hobeto aprobetxatu ahal izan ditzaten.
Era berean, industria arloko enpresei zuzendutako programa bat aurkeztu zen, makineria eta teknologia aurreratuan inbertsioak sustatzeko eta enpresen digitalizazioa eta modernizazioa bultzatzeko helburuarekin.

Saioa amaitzeko, Sormeneko instalazioetara bisita egin zen, bertako jarduera eta proiektuak gertutik ezagutzeko aukera emanez.

