Marketinaren eta komunikazioaren mundua ziztu bizian aldatzen da urtetik urtera eta are eta azkarrago azken urteotan. Izan ere, etengabe sortzen ari dira joera eta asmakizun berritzaileak sekulan lorik hartzen ez duen gure sektore honetan. Artikulu honetan 2024ak ekarriko dizkigun joera eta aldaketa esanguratsuenetako batzuk jaso ditugu.
Adimen artifiziala: adimentsua eta etikoa
2023an ere Adimen Artifizialari eskaini genion urteko nobedadeen zerrendan lehen postua. Esparru eta sektore guztietatik ohartarazi dute, batzuetan beldurrez eta beste batzuetan baikor, AAk ekarriko digun eraldaketa sakonen eraginaz. Sortzaile garen heinean, argi dago lagungarri izango zaizkigula AAk eskaintzen dizkigu hainbat tresna -diseinu grafikoan, bideogintzan zein idatzizko edukietan- eta, arian-arian gu ere hasiak gara tresna hauek probatzen eta erabiltzen. Baina AAren baliabide eta abantaila teknologikoen eskaintza handitzen eta hobetzen doan bitartean, AAren erabilera eta gobernantzan zentratuko da eztabaida datozen hilabeteetan, gobernantza garden eta arduratsu baten beharraz, hain zuzen, besteak beste egilearen eskubideak babesteko. Adimen artifiziala izango bada, adimentsuaz gain etikoa ere izan beharko da, bestela jai.
Benetakotasuna
Aurrekoarekin lotuta, jendeak benetakotasuna bilatuko du edukietan eta, oro har, eduki gain-editatuetatik edota atifizialetatik egingo du ihesi. Tik Token bideoak dira horren seinale: jendeak iragazkirik gabeko edukiak nahi ditu, egoera errealak eta hezur-haragizko pertsonak.
Bideo motzak
Tik Token edo Instagramen ez ezik, sare sozial guztietan bideo motzak dira gehien ikusten direnak. Atentzioa urrea den honetan, publikoa segundo gutxitan harrapatu beharra dago eta hasiera eta bukaera dituen istorio oso bat minutu bat baino gutxiagoan kontatzeko gai bagara, erabiltzaileak eskertuko digu.
Podcastak
Irudi batek mila hitz baino gehiago balio badu, ahots batek ere bai. Pandemiak podcasten balioa erakutsi zigun eta eta, moda iragankor batetik harago, bere presentzia sendotu da marka askoren tresna komunikatibo estrategikoa bilakatzeraino. Markek patxada eta atentzioa eskatzen dituzten eduki esanguratsuak beste modu batez zabaltzeko, podcasta tresna oso eraginkorra dela frogatu da. Ainhoa Vitoria irrati esatariari eginiko AZK-ko podcastean honako hiru aholku hauek eman zizkigun podcast bat arrakastatsu izan dadin: “naturala izatea, erritmoa zaintzea eta beti presente izatea konpainia egiten diodan entzule bat dagoela beste aldean”.
Mikroinfluencer-ak
Makroinfluencerak soilik marka handienekin lotzen baditugu ere, badaude gertuagoko beste mikroinfluencer asko, eta hauek lagundu ahal dizuete zuen publikoekin konektatzen. Figura hauek profesionaltasuna naturaltasunarekin lotzeko gaitasun berezia dute eta, beren esperientzia kontatuz eta batzuetan umorea erabiliz, komunikazio kanpaina bati beharrezko bultzada emateko ezinbestekoak bilakatzen dira batzuetan.
Microblogging-a
Informazioz gainezka dagoen mundu honetan, mikroblogginga mezu laburrak transmititzeko eta kontsumitzaileen arreta erakartzeko modu eraginkorra bihurtu da. Twitter (harien bidez, batik bat) eta LinkedIn bezalako plataformak erabiltzen ari dira markak eduki labur baina esanguratsua partekatzeko, eta zarata digitalaren erdian nabarmentzeko.
Bilaketak: ahots edo irudien bidez
Ahots bidezko eta ikusizko bilaketak iraultzen ari da kontsumitzaileek online produktuak aurkitzeko eta esploratzeko duten modua. Irudiak ezagutzeko teknologia eta errealitate areagotua erabiltzen ari dira bilaketa- eta erosketa-esperientzia hobetzeko. Bilaketa mistoak gero eta ohikoak direnez, bukatu da Googleko bilaketak soilik hitzen bidez egiten genituen garaia.
Erosketak sare sozialen bidez
Sare sozialak erosketak egiteko plataforma indartsuak bilakatzen ari dira eta 2024an joera hau finkatuko da. Ondorioz, bezeroari arreta ere sareetan gero eta gehiago emango da. Hainbat marka handi (PlayStation, Netflix edo Apple) hasi dira beren bezeroari arreta sare sozialetan biltzen eta joera hau beste marka txikiagoetara ere zabaltzen hasiko da.
Threads
Threads joan den urtearen erdian jaio zen, baina oraindik ez da Europara heldu. Astebete eskasean 100 milioi harpidedun lortu ondoren, erabiltzaileen jarduerak behera egin zuen. Zer espero daiteke Threads sare berriaz urte honetarako? Munduak beste sare sozial bat behar du, gehienak hain antzerakoak izanik? Gauzak horrela, interesgarria izango da jakitea aplikazioa erreferentziazko sare sozial gisa finkatzen den ala ez. Metaren eta Instagramen babesa bezalako faktore batzuk garrantzitsuak izango dira, erabiltzaile berriei aukera ematen baitie hutsetik ez hasteko eta hasiera-hasieratik komunitate txiki bat osatuta izateko. Etengabeko aldaketak direla-eta, erabiltzaileek X-rekin duten atsekabeak ere lagundu egingo dio Threads-i bere bilakaeran.
Twitch
Pandemia garaian goia jo ondoren, 2023an sekulako beherakada izan du Twitchek, Espainian batez ere. Ikusiko da streaming plataforma hau 2024an egoera hau iraultzeko gai den ala ez baina, Youtubez gain, beste lehiakide berri bat ere badauka: Kick.